Posta: Gipuzkoako lantoki guztietan geldialdi partzialak
Gipuzkoako Postan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok, CCOO, ESK, UGT, LAB eta ELAK bi orduko geldialdi partzialak egitera deitu dugu, astelehenetik ostiralera, 2017ko azaroaren 16tik 2018ko urtarrilaren 31 arte. Geldialdi hauek Gipuzkoako Postan lan egiten duten langile guztiei eragingo die, bai laboralei eta bai funtzionariei.
Geldialdi hauekin hainbat urtetan lanpostuen murrizketan ematen ari diren gehiegikeriekin bukatu nahi dugu. Izan ere, Zuzendaritza, SEPIren (Industri Partaidetzaren Elkarte Estatala) menpeko dena, murrizketa handiak ari da ezartzen enpresa publiko honetan. Lanpostu hutsek, baimenek, bajek, e.a., sortzen dituzten hutsuneak gehienetan ez dira betetzen, eta horrek eragina du bai langileen plantilan jasaten ditugun lan-kargak gehitzearekin, eta nola ez, urtetik urtera hondatzen ari den Posta zerbitzu publikoaren kalitatearekin.
Ikusten dugunez datozen hilabeteetan egoera hau okertu liteke; izan ere, e-Commercen kanpaina dela eta, paketeria asko ugarituko dela jakinarazi baitute. Gainera, gabonetako kanpaina ere gainean dugu eta urtarrilean egunak hartzeko baimenak ere pilatzen ari dira. Hori guztia kontuan hartuta, Postako langileak geldialdi hauek egiten hasi dira lanpostuak betetzeko hutsuneak dauden lantoki guztietan: Kontraturik ez dagoen tokian, geldialdiak egongo dira.
Kontratazio gutxiago lantegian, gutun gutxiago postontzian
Lanpostu eta lan-baldintza duin baten alde!
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario